Zabalgoitia hotela
Zabalgoitia hotela | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Artziniega |
Koordenatuak | 43°07′22″N 3°07′54″W / 43.12278°N 3.13175°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1906 |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura modernista |
Ondarea | |
EJren ondarea | 91 |
Zabalgoitia hotela Artziniegan (Araba) dagoen eraikina da. Juan Zabalgoitiak eraikiarazi zuen 1906an, Artziniegan 1861ean jaio eta Mexikon abeltzaintzan dirutza handia egin zuen indianoak. Proiektuaren egile, berriz, Mario Camiña arkitektoa izan zen, Art Nouveau estiloaren eta, horren barruan, sezesionismo vienarraren jarraitzaile nagusienetako bat Bizkaian. Hain zuzen ere, joera horretakoa da eraikin hau, Euskal Herrian den erakuslerik gorenetako bat.
2005eko martxoaren 21ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxearen bolumena 21 metroko zabalera eta 15 metroko sakonera duen oinplano angeluzuzen batean oinarritzen da eta eraikinak hamaika bat metroko garaiera du. Bolumen horretatik, hiru fatxadetan, erdian, beste horrenbeste bolumen ateratzen dira, oinplanoaren ardatz nagusiak nabarmentzeko. Bolumen horiek desberdinak dira kasu guztietan: fatxada nagusikoa (HM) eta albo batekoa (HE) sendoagoak dira eta, horietan, baoen proportzioa handiagoa da, begiratoki antzekoak baitira, duten orientazio eguzkitsuarekin bat. Atzekoa, berriz (IE), presentzia gutxiagokoa da, eta baoak txikiagoak dira. Bolumen irten horiek ez dira atxikitako eraikinak, izan ere, fatxadaren material eta konposizio-elementu berberak dituzte. Aipatutako guztiaren estalkia oso konplexua da, teilatu-hegal handiekin. Lau isurkiko estalkia du oinarri, eta horri bolumen irtenak estaltzen dituzten faldoiak atxikitzen zaizkio. Erremate gisa, sabai-leiho bat du erdian, diseinu geometrikoko gailurreria duena, vienar erara.
Fatxada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fatxadaren konposizioari dagokionez, etxeak lau solairu ditu, behekoa, basamentu sendo baten itxura duena, beste bi solairu eta estalkipea. Beheko solairua zerbitzurako da, eta hori argi ikusten da beste solairuak ez bezalako tratamendua duelako: paramentua inklinatuta dago, ezponda baten antzera; solairu horretan bao/horma proportzioa txikiagoa da, eta harriaren tratamendua ere desberdina da. Goiko solairuetan, aitzitik, bao/horma proportzioa oso handia da, bereziki orientazio onena duten fatxadetan, batez ere, goitik beherako bao handiak daudelako, solairu biak lotzeko. Solairu biak hartzen dituzten bao jarraitu horiek zurezko arotzeriaz ixten dira eta, horietako asko, baita irudi geometrikodun burdinazko karelez ere, dena vienar estiloan. Hainbat elementu fintasun handiz landutako silarriz eginak daude: eskantzuak, basamentuko zokaloa eta inposta, goiko solairuetako baoen ingurua eta beheko ate-leihoburuak. Goiko solairuetan, horma-atalak tirolesa batez estalitako harlangaitzez ixten dira. Hori desagertu egiten da fatxada nagusian, bao handiak irekitzen baitira. Fatxada nagusi horretan, eskailera inperial bat dago, basamentuak sortzen duen koska gaindituz, lehenengo solairuan dagoen sarrerara eramaten duena.
Barnealdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikinaren egitura karga-hormez egina dago. Etxearen barruan bi daude, fatxada nagusiko eta atzeko fatxadako hormen paraleloak. Bi horma zentral horiek solairuak hiru hormartetan banatzen dituzte: zabalena sarreratik gertuen dagoena da, eta estuena erdikoa. Handienean, orientaziorik onena duenean (HM), etxeko espazio nobleenak edo garrantzitsuenak daude: ataria, egongelak, jantokia eta logela nagusiak. Erdiko hormartean pasabideak daude. Atzekoan, azkenik, nahastuta daude zerbitzuko espazioak eta logela eta eskailerak. Dena dela, ardatz zentral batek egitura hau zeharkatzen du zut, eta ardatz horren inguruan antolatzen dira etxeko ibilbideak: kanpoko eskailera inperiala igota, albo batetik atariaurre batera iristen gara, eta hortik, hurrenez hurren, atarira, atartera eta eskailerara, ardatzaren beste muturrean. Barrukoa, zurezko eskailera inperial bat da, altuera bikoitzeko espazioa hartzen duena eta koloredun beiratedun hiru leihok argiztatzen dutena. Eskailera horrek goiko solairuko erdiko zerrenda hartzen duen beste atarte batera eramaten gaitu. Gune hori sabai-leihoaren argia iragazten duen beirate handi baten bitartez argiztatzen da goiko aldetik, eta egur eta beirazko ateen bitartez bereizten da eskaileretatik.
Barruko espazio eta konposizio-elementuak bat datoz fatxaden kalitatearekin. Nabarmentzekoak dira hormak erdiraino estaltzen dituzten zurezko panelak, sabaietako eskaiola-lanak eta beirateak. Paneletan forma geometrikoak erabiltzen dira, leku batetik bestera desberdinak. Eskaiolei dagokienez, era askotako elementuak daude (plafoiak, erlaitzak, moldurak...), denak joera Art Nouveau edo eklektikoen aldakiak. Beirateak eskaileraren espazioan eta goiko atartean erabiltzen dira, eta Amadeo Deprit beiragile bilbotarrak 1907an egindako proiektu baten emaitza dira, arte-balio handikoak.
Lursaila ixten duen burdin sareak ere vienar estiloko diseinua du, eta forma kubikoko pilare handi sendoak ditu ertzetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).